DIZIPLINARTEKO IKUSPUNTUA ETA ARLOEN ARTEKO LOTURA

Diziplinarteko ikuspuntutik abiaturik, arloen arteko loturak ezarriko dira, ikasleak gai/arazo/erronka jakin bat oinarri izanik, arlo desberdinetan gai jakin hori elikatuz. Modu honetan, bai arloetako konpetentzia espezifikoak eta baita funtsezko konpetentzien garapena sustatuko dugu, modu globalizatu batean. 

 

ARAZOETAN EDO ERRONKETAN OINARRITUTAKO IKASKUNTZA

Irakasleak planteatutako egoera-arazoetarako konponbideak proposatzeko ikasleek egin behar duten ikaskuntzan, ikerketan eta hausnarketan oinarritutako metodologia da.

Ondorengo ezaugarriak ditu:

  • Arazoa ezagutza berriak eskuratzeko eta integratzeko abiapuntua da.
  • Hainbat soluzio izan ditzaketen arazo-egoera irekiak planteatzen dira.
  • Ikasleek irtenbide bat edo batzuk emateko ikertzen dute.
  • Ikasleek informazioa bilatzen dute eta irakasleak beharrezkoa denean ematen du.
  • Bizitza errealeko arazoak dira, erronkekin planteatuak, eta ikasleek horiek konpontzeko zer ezagutza behar dituzten identifikatu behar dute.
  • Talde-lan gisa planteatzen dira.
Lehen Hezkuntza
Haur Hezkuntza

IKKI: IKASTEN KOOPERATU · KOOPERATZEN IKASI

Ikaskuntza kooperatiboak berdinen arteko lankidetza ahalbidetzen du. Ikasleek taldean lan egiten dute, teknika desberdinak erabiliz, helburu jakin batzuk lortzeko.

 

IKKI metodologiak ondorengo ezaugarriak ditu:

  • Taldeak eratzea: Ikasgela talde txikitan antolatzea dakar. Talde horiek heterogeneoak dira, eta talde-identitatea, elkarrekiko laguntzaren praktika eta sinergia sortzeko indibidualtasunaren balorizazioa eraiki behar dira.
  • Interdependentzia positiboa: besteen lanerako premia-sentimendu gisa defini daiteke. Denek beren helburuak lortzen badituzte, atazaren azken helburua lortuko da. Horrela, denek besteen beharra izango dute, eta, aldi berean, zeregin hori lortzeko alderdi garrantzitsu sentituko dira. Guztiak arduratzen dira taldeko gainerako kideen ikaskuntzaz. Ikasleak bere ikaskideek ere arrakasta izango duten kontzientzia hartzea bilatzen da.
  • Aurrez aurreko edo aldi bereko elkarrekintza: ikasleek elkarrekin lan egin behar dute, beste batzuekin ikasi behar dute eta, horrela, ezagutzak, baliabideak, laguntza edo babesa partekatu behar dituzte.
  • Erantzukizun indibiduala: kide bakoitzak bere gain hartu behar du taldearen helburu komunak lortzeko agindutako zeregina betetzeko ardura.
  • Gizarte-trebetasunak: taldean lankidetzan aritzeko trebetasunei buruzko jarraibideak ematen dira (konfiantza, gatazken kudeaketa, asertibitatea, autokontrola, entzute aktiboa, etab.).

INNOVAMAT

2021-22 ikasturtean matematika Innovamat programarekin lantzen hasi ginen Lehen Hezkuntzako zenbait mailetan eta 2022-23 ikasturteaz geroztik, Lehen Hezkuntzako maila guztietan aurrera eramaten den estrategia metodologikoa da.

Innovamat proiektua matematika lantzeko proiektu berritzailea da eta matematika manipulazioaren bidez lantzean oinarritzen da. Hainbat egoeren aurrean, arazoak konpontzeko, hausnartzeko, ebazteko eta galdera berriak sortzeko estrategiak garatzea bilatuko dugu. Hala, aurkikuntza bultzatzen du, matematika gaitasuna garatzen du eta aniztasunari erantzunez ikaskuntza indibidualizatzen du.

Algoritmoen mekanizaziotik urrundu eta estrategia gardenen erabilera sustatzen du.

Era berean, gogoeta, sormena eta matematikarekiko maitasuna sustatzen ditu.

Modu honetan, matematikan ikasitakoa egunerokora orokortzeko aukera emango du.

Bere ildo didaktikoak lau printzipio nagusi ditu ardatz:

  • Matematika egitea edukien eta prozesuen arteko lotura bat da: problemak ebaztea, arrazoitzea eta probatzea, konexioak egitea eta komunikazioa eta irudikapena prozesuak lantzen dira.
  • Problemak ebazteko giroa sortzea: «Problemak ebazteko giroa» ikasgelan egoteko modu gisa ulertzen da, ikasleei galderak egiteko, ikertzeko, esperimentatzeko eta hitz egiteko erronka ezarriz.
  • Manipulaziotik abstrakziora: Kontzeptu abstraktuak eraikitzeko, manipulazio-materiala erabiliko da, ulermenerako bitarteko gisa.
  • Testuinguru esanguratsuetan praktikatzea.

 

BIKOTEKA IRAKURTZEN

Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan aurrera eramaten den programa da. Parekoen arteko tutoretza (peer tutoring) lankidetzako ikaskuntza metodo bat da, bikoteetan antolatuz egiten dena. Rolen banaketa (tutorea eta tutoretzapekoa) eta helburu jakin bat ardatz izanik egiten da, metodo honen xede nagusia irakurmena hobetzea eta irakurzaletasuna sustatzea izanik. Metodologia honek inklusioari erantzuten dio, eta ikasleen arteko lankidetzako gaitasuna garatzen du. Era berean, eskolak ikasleak programa hau familia artean praktikan jartzera animatzen ditu eta eskola-zereginetan familien parte-hartze eta inplikazioa hobetu egiten da horrela.

 

IKASLAGUN-JOLASLAGUN

Ikastetxeko ikasleen artean elkarrekintza bultzatzeko dinamika bat da, non Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikasleak hiruhilabetean behin tailer bat egiten duten elkarrekin. Haur Hezkuntzako 5 urteko gelakoak Lehen Hezkuntzako 3.mailakoekin elkartzen dira; Lehen Hezkuntzako 1.mailako ikasleak 6.mailako ikasleekin; eta, Lehen Hezkuntzako 2.mailakoak 5.mailakoekin. Tailer ezberdinak egiten dituzte: sukaldaritza, irakurketa eta idazketa txokoak, mahai jolasak, eskulanak, etab. Dinamika honen bitartez, ikasleen arteko harremanak sustatzeaz gain, euskararen erabilpena bultzatu nahi da, eta elkarlaguntza, errespetua eta autonomia garatzea ditu helburu.

 

4.5. EBALUAZIOA

Ebaluazioa gure hezkuntzaren kalitatearen oinarri dugu, honek ahalbidetzen digu irakas ikas prozesu osoaren gaineko hausnarketa eta hobekuntza proposamenak egin eta bideratzea. Ebaluazioa, beraz, prozesu osoari dagokio: programazioa, materialak, antolaketa, agente desberdinen parte hartzea, etab.

Ebaluazioak une ezberdinak ditu: hasierako ebaluazioa, ebaluazio hezigarri-prozesuala eta bukaerakoa. Lortutako datuak izango ditugu beti ere oinarri prozesua bera birmoldatzen joateko.

Ikasleen ikasketa prozesuari dagokionez, ebaluazioa etengabea eta pertsonalizatua izango da, ikaslearen garapena kontuan harturik, eta konpetentziala, curriculumaren barnen garatu behar dituzten konpetentziatan oinarrituz.

Ebaluazioa elkarbanatutako ardura da, eta hala behar du izan hobekuntza bilatzeko. Modu honetan, ebaluazioaren izaera kooperatiboaren barne, mota desberdinak aurrera eramango ditugu: heteroebaluazioa, autoebaluazioa eta koebaluazioa.

Honekin batera, kanpoko ebaluazioa ere (ISEI-IVEIk koordinatzen duen Ebaluazio Diagnostikoak) tresna baliagarria dugu.

Azkenik, aipatzekoa da ikasleen ebaluazioa familiekin elkarbanatzeko garrantzia. Horretarako, Haur Hezkuntzan bigarren hiruhilekoan ikaslearen familiarekin bilera bat egiten da, baita beharra ikusten den beste uneetan ere. Honekin batera, ikasturte amaieran ikaslearen ebaluazio txostena jasotzen du familiak. Lehenengo eta bigarren hiruhilekoan, tutore bakoitzak haurraren inguruko informazio jasoketa egiten du, hau eskola barneko dokumentu bat izanik.

Lehen Hezkuntzari dagokionez, ikasturtean hiru aldiz, gutxienez, tutoreak idatziz informazioa ematen dio ikasleari, bai eta guraso edo legezko tutoreei ere, ikaslearen errendimendu eta hezkuntza-prozesuaren bilakaeraren berri emanez. Honetaz gain, ikasturte hasieran talde-bilera bat egiten da mailako guraso edo legezko tutoreekin, eta halaber, gutxienez banakako elkarrizketa bat egiten da ikasturtearen hasieran eta beste bat bukaeran. Beharrezko eta egokitzat jotzen den kasuetan, behar adina bilera egiten dira, jarraipen estuagoa lortuz.

borobil ikur urdin iluna
BOROBIL_4